XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbait gerla sortzen ote da arrotzen aurka?

Hiritarrak gogo onez ateratzen dira gudura, bihi batek ere ez du ihes egin gogo, beren eginbidea konplitzen dute, baina garaitzeko nahikeriarik eta grina bizirik gabe; hobeki dakite biziaren uzten, kentzen eta garaitzen baino.

Garaitzaileak ala garaituak izan daitezen, zer axola du?

Probidentziak ez ote daki haiek baino hobeki zer komeni zaien?

Gogoeta egin bedi etsai ausart, oldartsu, bihoztun batek nola balia dezakeen haien estoikotasuna eta pairakortasuna!

Emazkiezue aitzinean, aberriaren eta ospearen amodio gartsuak zerabiltzan populu bulartsu haiek, jar ezazue zuen errepublika giristinoa Sparta edo Erromaren aurka; garaituak, lehertuak, suntsituak izanen dira giristino otoizkariak, gertatzen zaienaz konturatu baino lehen, edo etsaiak haien aldera dukeen mespretxuari zor izanen diote beren salbamendua.

Zin ederra izan zen, ene gustuko, Fabioren soldadoena: garaitzaile izanik gibelera itzultzeko zin egin zuten, eta hala egin zuten.

Sekula giristinoek ez zuten horrelako zinik eginen; Jainkoa desafiatzen zutela uste izanen zuketen.

Baina makur mintzo naiz errepublika giristinoa aipatuz; bi hitz horiek elkar kanporatzen dute.

Giristinotasunak menekotasuna eta dependentzia baizik ez du predikatzen.

Haren izpiritua sobera tiraniaren alde da, honek horretaz sekula probetxurik ez ateratzeko.

Egiazko giristinoak esklabo izateko eginak dira; badakite hala dela eta ez dira arrangura; haien begietan, bizitze labur honek ez du aski balio.

Erranen digute gudari talde giristinoak arras onak badirela.

Ezetz diot nik.

Baldin inon horrelakorik bada, erakuts biezadate bat!

Ez dut nik gudari talde giristinorik ezagutzen.

Gurutzadak aipatuko dizkidate.

Gurutzedunen balioaz eztabaidan ari izan gabe, ohartaraziko dut, giristino izatetik urrun, apaizaren soldadoak zirela haiek; elizako hiritarrak ziren; honen izpirituzko herriarentzat borrokatzen ziren, nahiz elizak, inork ez jakin nola, lurtar bilakarazi zuen herri hura.